Iruña Oka argitu dezagun” komunikatua KM kulturunea 2009-2-23

Iruña Oka Argitzeko Koordinakundearen adierazpena txostenak argitaratu ostean:

Urtarrilaren 17an, Gasteizen, bildu ginen Iruña Okako gaian argitasuna, zientzia eta kultura eskatzeko. Horretarako Koordinakunde bat sortu eta gaur lehenenengo aurkezpen publikoa dugu zuekin, hemen, kulturaren babeslekua izan nahi duen Kulturune honetan. Egunez egun albisteak sortu eta eztabaida zabaltzen ari da. Horixe da lortzen ari garena, gai hau amaitutzat ez ematea.

1.-Koordinakundea sortzen genuen egun berean, Arabako Foru Aldundiaren Kultura Sailak sarean jarri zuen Iruña-Veleiari buruz informazio asko, adibidez, mila bat argazki, batzorde zientifikoaren txostenak, komisioaren aktak… eta eskerrak ematen dizkiogu, atzerapenez bada ere, aspaldian denon esku egon behar zen informazioa eskura jartzeagatik.

2.- Hala eta guztiz ere garrantzi handia duten dokumentu batzuk argitaratu gabe daude oraindik eta horiek ere lehenbailehen sarean jartzea eskatzen diogu, adibidez:

2.1.- Henrike Knorren zirriborroa 2008-6-26ko batzorde zientifikoaren bileran irakurri zena.

2.2.- CEA-CNRS laborategiaren 66 ostraken analisi originalen datuak, beste adituengatik interpretatuak izan daitezen.

2.3.- Mila ostraken fitxak, identifikazioa, unitate estratigrafikoa, data, analisiak, argazkiak. Bakarrik 250 bat ostraka baitaude identifikaturik, beste 700 bat irudi identifikatu gabe.

2.4.- Garrantzi berezia duten ostraka euskaldun salatuen irudiak, J, Giatula, esquero, Mirto…

2.5.- Batzorde zientifikoaren ondorioen txostena, Felix Lopezek sinatu zuena 2008-11-19an eta Kultura diputatuaren foru aginduaren oinarria izan zena, Lurmen enpresa kaleratzeko.

2.6.- Txosten zientifiko batzuen sarrera data, eta zergatik beste txostenek azaroaren 19a baino beranduagoko data duten argitzea ere.

2.7.- 2007 eta 2008 kanpainetan aurkitutakoa, besteen artean 276 kata 4 M2koak.

2.8.- Ostraken eta grafitoen sarrera data Arabako arkeologi museoan eta abar.

Iruditzen zaigu dokumentu hauek garrantzi handia dutela eta ezinbestekoa dela ezagutzea informazio osatua izan eta iritzia izateko.

3.- Batzorde zientifikoaren lanari buruz zera adierazi nahi dugu. Gorrotxategi jaunak bere txostena 2008-6-24an eman zion sarrera Aldundian eta 2008-6-26ko aurkeztu zuen batzordearen bileran. Eta, txosten horretan 70 bat ostraken aurka faltsutze salaketa larriak egiten zituen (erdibana latinak eta euskaldunak).

Salaketa honek kontraesan zientifiko larria azaleratu zuen urtebete lehenago sarreratuta zegoen Idoia Filloy eta Eliseo Gilen arkeologi txostenarekin eta 70 ostrakak atera eta garbitu zituzten lekukoekin. Izan ere, Gorrotxategik faltsutzat salatutako dozena bat ostrakek CEA-CNRSeko laborategiaren analisia zuten egina (urte eta erdi lehenago) eta Ruben Cerdan doktorearen txostenek bermatzen zituzten.

Batzorde zientifikoak bost hilabetetan (ekainetik azarora) ez du ezer egiten bere baitan nabarmenki azaldu den kontresan zientifikoa argitzeko. Bost hilabetetan ez du ezer egiten egiaztatzeko edo ikertzeko Gorrotxategiren faltsutze salaketa larriak. Ezin dugu ulertu horrelako jarrera baztorde zientifiko batean. Nork ikertu behar ditu faltsutze salaketak?

Datazioak ez dira berriro egin nahi izan, nahiz eta mundu mailan, ostraken datazioak egin ditzaketen laborategi asko egon. Eliseo Gilek horixe eskatu zuen bigarren bileran, 100 pieza polemikoenen ostrakak berriro datatzea eta eskaera horri uko egin zitzaion. Zergatik?
Datazioak egin daitezke, pieza batzuetan kaltzita aztarnak geratu direlako nahiz eta piezak garbituta egon. Beste pieza batzuetan, ordea, egindako gehiegizko garbiketagatik ezin izango litzateke. Hala ere, Batzordeak hau jakinda (txosten batean aipatzen da), datazioak berriro egiteko aukera zegoen ostraketan ez du egin.
 
4.- Iruditzen zaigu ez dagokigula gogoratzea salaketak ere frogatu behar direla. Nabarmena da batzorde zientifikoan ez dela horrelakorik gertatu. Gure iritzian ikertu behar dira faltsutze salaketak ere, ez baitaude inolaz ere frogatuta, gehienak iritzietan baino ez baitira oinarritzen. Gauza bat da salaketa eta oso desberdina froga.

5.- Hizkuntzalariek emandako salaketa batzuk zalantzan jarri berri dira. Juan Martin Elexpuruk euskal filologoak horiek ulertzeko hainbat aukera ematen ditu eta, badira kontuan hartzekoak. Alegia, kontraste zientifiko sakonago eta zabalagoa behar duela gai honek argi utzi du. Bere
artikuluan idatzi zuen bezala (Berria) guk orain arte egindako datazioak kontuan hartuta (Cerdan eta Legarda) eta kontrako froga erabakigarriagoak plazaratzen ez diren bitartean, benetakoak direla pentsatzen dugu. Batzuk susmagarriak izateagatik ezin dira denak txartzat eman, baizik eta ikertu behar dira gehiago kontraesan zientifikoak.

6.- Ia urtebetean batzorde zientifikoak aukera izan du, analisiak errepikatzeko, kontrastatzeko, adibidez, 6. sektorean (euskaldunean) kata berezi bat egiteko ospea duten lekuko bereziekin eta ez dute ezer egin, ez dira Iruña Okara joan, ez dituzte arkeologoak galdekatu.

Gaur egungo egoera 2008-06-26ko batzorde zientifikoan sortu zen egoera baino askoz ere okerragoa da; zeren orduan adibidez CEA-CNRS analisiekin kontradikzio nabarmena zuten Gorrotxategiren dozena bat ostrakek, baina gaur egun gehitu behar zaizkie, Santos eta Cipresen
30 bat ostraka CNRS analisia dute 113 salatuetatik, Nuñez-en 90 argazkietatik beste 17 bat ostraka CNRS analisia dute eta Isabel Velazquez 50 bat ostraketatik 15ek dute ere CEA_CNRS analisia.

Alegia salaketa asko analisi zientifikoen kontraesanetan daude txosten arkeologiko, lekukoen, garbitzaileen…) eta analisiak errepika daitezke eta ez dira errepikatu. Alegia salaketa asko eta
faltsutze salatari guztiak susmopean daude, kontraesan zientifiko larriak daudelako.

7.- Unanimitate zientifikorik ez dago. Nabarmena da ez arkeologian, ez ikonografian, ez analisietan, ez filologian (Gorrotxategi / Knorr ? Elexpuru)… arlo batzuk aipatzeagatik, txosten zientifiko
erabat kontrajarriak daudela batzuk ontzat ematen dituzten bitartean, besteak faltsutzat.

8.- Guzti hau kontuan harturik iruditzen zaigu 2008-11-19an Arabako Biltzar nagusian, izugarrizko bidegabekeria egin zitzaiela Idoia Filloy, Eliseo Gil eta beren taldekoei. Alde batetik inolako aukerarik ez zutelako izan salaketatik defendatzeko (ez baitzituzten ezagutzen ere, hamar eguneko epea) eta gainera frogatu gabeko iritzietan, ikertu gabeko susmo pean dauden salaketa eta salatarien txostenetan oinarrituta hartu baitziren beraien aurkako erabakiak. Ezin dugu ulertu batzorde zientifiko bat, nola bihur daitekeen bere zereginaren erdian faltsutze salaketa larrien egile, eta inolako neurririk ez hartzea arduradunek.

9.- Iruña Oka Argitzeko Koordinadundeak, bere elkartasuna adierazi nahi die Filloy, Gil eta taldeko gainontzekoei, ahaleginak egingo ditugu arazo guzti hau benetako nazioarteko batzorde zientifiko batek aztertu dezan neutraltasunez lehenbailehen.

10.- Euskararekin gure konpromezua aldarrikatzen dugu eta saiatuko gara ostraka euskaldunak duintasunez ezagutarazten, zientifikoki eztabaidatzen eta galdu duten duintasuna eta errespetua berreskuratzen. Gaur KMKn egiten ari garen saio hau, bide luze honetan lehen urratsa izan dadila.

Koldo Mitxelena Kulturunea, 2009ko otsailaren 23.                

               &nbs
p;     Iruña Oka Argitzeko Koordinakundea

Kategoria: euskararen jatorriaren 3. biltzarra. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude